Udaltzain baten aurkako pintaketak salatu ditu ESAN sindikatuak

(BALEIKE)

Sindikatuaren hitzetan, Udal Gobernuak ez du «halako barrabaskeriei» amaiera emateko ezer egin. Udaltzainarekiko elkartasuna adierazteaz gain, Zumaiako Udalak «bere langileen defentsan duen irmotasun falta» salatzeko ekintzak iragarri dituzte.

Zumaiako udaltzain baten aurkako pintaketa «iraingarri eta mehatxagarriak» salatu ditu ESAN sindikatuak. Salaketa oharrean zehaztu dute Zumaiako Udaleko ESAN sindikatuko ordezkari hautatuaren aurkako pintaketak direla, «zumaiarren mesederako eta laguntzarako hamarkada asko udaltzain moduan igaro dituen pertsona baten aurkakoak», hain zuzen ere.

 

Bestalde, egoera baliatu nahi izan dute gogorarazteko Zumaiako Udaltzaingoko langileekiko «etengabeko mespretxu eta erasoak» salatu izan dituztela. Hala eta guztiz, ESAN sindikatuaren hitzetan, Udal Gobernuak ez du «horrelako barrabaskeriei» amaiera emateko ezer egin.

 

«Gazteak kriminalizatzea bidegabea litzateke, baina, era berean, hipokrita litzateke gaur egungo gobernu taldeak, hau da, Zumaiako Udaltzaingoaren arduradun politikoak etengabeko eraso horien ustezko egileei buruz duten jatorri politikoa ukatzea», gaineratu du sindikatuak.

 

ESAN sindikatuko ordezkari hautatuari «besarkada eta animo mezu maitekorrena» bidaltzearekin batera, Zumaiako Udalak «bere langileen defentsan duen irmotasun falta» salatzeko ekintzak iragarri dituzte.