Emakume bati sexu erasoa egin diote Bilbon, eta Ertzaintzak hiru gizonezko atxilotu ditu
Hasiera batean, lau izan dira atxilotutakoak, baina horietako bat aske utzi du Ertzaintzak, ez duelako argi erasoarekin zerikusia duenik. Gainerako hirurei sexu erasoa eta bahiketa leporatzen dizkie. Emakumea Basurtuko ospitalera eraman dute.
Ertzaintzak baieztatu duenez, emakume batek sexu erasoa eta bahiketa salatu zituen atzo arratsaldean, Bilbon. Erasoa Bilboko etxebizitza batean gertatu zen, joan den ostiral gauean.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa ikertzeko, eta lau gizonezko atxilotu ditu, 33 eta 36 urte bitartekoak. Lau horietako bat aske utzi du, baina. Ez du argi erasoarekin lotura duenik. Gainerako hirurei, sexu erasoa eta bahiketa leporatzen dizkie, eta polizia etxean jarraitzen dute. Datozen orduetan utziko dituzte epailearen esku.
Hainbat hedabideren esanetan, emakumea hiru egunez izan dute bahituta etxebizitza batean. Emakumea Basurtuko ospitalera eraman dute.