MARIHUANA-LANDARE KONFISKAZIOA

Legez kanpoko plantazioa higiezin batean aurkitu dute eta eginbideak ireki dizkiote jabeari

Ertzaintzak 1.800 marihuana-landare aurkitu ditu Mungian eraikitzen ari diren etxe batean

Atzo, asteazkena, goizaldean, ertzainek 1.300 marihuana-landare eta 500 aldaxka aurkitu zituzten Mungian eraikitzen ari diren etxe baten garajean. Higiezinean lapurreta egin zutela-eta jasotako abisuaren ondorioz aurkitu zuten plantazioa. Polizia-operatiboan Mungiako Udaltzaingoak ere lagundu zuen.
Prentsa bulegoa

Mungiako Markaida auzoan eraikitzen ari diren etxe batean lapurreta egin zutela-eta jasotako abisu baten ondorioz aurkitu zuen Ertzaintzak plantazioa. Ertzainek etxea miatu zuten barruan oraindik susmagarriren bat ba ote zegoen jakiteko. Giltzaz itxita zegoen garaje inguruan agenteek marihuana-usain handia hartu zuten, eta zulo batetik ikusi zituzten lur-zakuek eta beste hainbat objektuk marihuana-plantazio bat egon zitekeela pentsarazi zien.

Higiezina aspalditik ari dira eraikitzen, eta kalitate handiko segurtasun-kamerak ditu.  Delitu-zantzu horietan oinarrituta, Ertzaintzak garajean sartu eta miaketa egiteko epailearen agindua eskatu zuen, eta atzo goizean egin zuten miaketa.

Ertzainek hazkunde-fase ezberdinetan zeuden 1.300 marihuana-landare, 500 aldaxka, lur-zakuak, haizagailuak eta legez kanpoko substantziak hazteko erabili ohi diren beste hainbat elementu aurkitu zituzten.

Ebidentzia horien aurrean, osasun publikoaren aurkako delitu batengatik eginbideak ireki zizkioten higiezinaren jabeari ikertu gisa.

Jarduera hori kontuan hartuta, Ertzaintzak jada bi marihuana-plantazio desegin ditu hilabete honetan Mungian. Hilaren 3an marihuana haztearekin zerikusia zuen pertsona bat atxilotu zuten, eta 500 aldaxka, 15 kilo kukulu eta hamabi mila eurotik gora konfiskatu zituzten.

Herriko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlana droga-trafikoaren aurkako jarduketak ahalbidetzen ari da.

Scroll al inicio