Ertzaintzaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko (SICTG), Polizia Nazionaleko Polizia Judizialeko Nafarroako Brigada Probintzialeko eta Nafarroako Foru Poliziaren Delitu Ekonomikoen eta Ondarearen kontrako Delituen Brigadako agenteek Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak koordinatuta egin duten ikerketa bati esker desegin dute Gipuzkoan finkatuta zegoen eta lurraldeko eta inguruko enpresetan indarra erabiliz lapurreta egiten espezializatuta zegoen ustezko talde kriminala.
Aipatutako taldea osatzen zuten hamar gizonetatik zazpi, 22 urtetik 60 urtera bitartekoak, atxilotu zituzten hiru polizia-kidegoek hainbat fasetan eta koordinatuta 2020ko maiatzaren 27an eta 28an Iruran, Andoainen, Donostian eta Iruñean egindako operatiboan.
Taldeko beste bi kide ikertu gisa agertzen dira polizia-atestatuan, eta hamargarren kidea, berriz, ez zuten atxilotu Martuteneko espetxean dagoelako beste auzi batengatik. Gizon honek bere espetxe-egoeraren arabera dekretatutako irteerak aprobetxatzen zituen orain atxilotuta dauden gainerako taldekideekin batera lapurretetan parte hartzeko.
Bestalde, guztira hamar miaketa egin zituzten, eta gauza ugari atzeman zituzten, besteak beste, lapurretak egiteko erabiltzen zituzten erremintak, telefono mugikorrak, dirua, arma simulatuak eta hainbat lapurretatan erabilitako auto bat.
Taldeko kide batzuk, zehazki bi buruak, SICTGek 2014an egindako antzeko beste operatibo batean ere atxilotu zituzten. Kasu hartan biak espetxeratu zituzten.
2019ko bigarren seihilekoan atzeman zen enpresetan indarra erabiliz egindako lapurretak gora egiten ari zirela, eta urtearen amaieran jarri zuten abian dagokion ikerketa. Hurrengo sei hilabeteetan bildutako datuetan eta horien analisian oinarrituta, eta talde kriminaleko kideei egindako jarraipenaren eta zaintzaren bidez, ikertzaileek behar adina informazio lortu zuten taldekideei enpresetan eta zerbitzuguneetan indarra erabiliz egindako 28 lapurreta leporatzeko. Lapurreta horietako 20 Gipuzkoan egin zituzten, 6 Nafarroan eta bana Araban eta Bizkaian.
Azkenik, 2020ko maiatzaren 27an jarri zen abian operatiboa, eta 28 goizean eman zitzaion jarraipena.
Poliziaren esku-hartze zabal honetan, SICTGeko agenteek Brigada Mugikorraren Unitateko, Bizkor patruiletako eta Oriako, Hernaniko eta Donostiako ertzain-etxeetako herritarren babeserako patruiletako agenteen laguntza izan zuten.
Atxilotuak epailearen aurrera eraman zituzten, eta instrukzio-epaileak, Tolosako 2. Instrukzio Epaitegiko epaile titularrak, ikertutakoetako bat espetxean sartzeko eta gainerakoak karguak egotzita aske uzteko agindua eman zuen, eta epailearen aurrera agertu beharko dute hala eskatzen zaienean.
Ikertzaileek eskuratutako ebidentzia guztiak aztertzen jarraitzen dute; izan ere, ez dute baztertzen horien analisitik talde kriminal aktibo honek egindako beste delitu batzuei buruzko garrantzizko datuak lortzea.