Prebentzio-dispositibo horretan zenbait neurri ezarri ziren delitugileak identifikatzeko eta atxilotzeko. Hartara, uztailaren amaiera aldean, Ertzaintzak Vitoria-Gasteizko auzo batean ostatu hartu zuten Georgiako jatorriko lau gizonezkok mugimendu susmagarriak egiten zituztela hauteman zuten, eta gizonezko horien mugimenduek mota horretako delituetan inplikatuta egon zitezkeen susmoak piztu zituen.
Susmagarri horiei kontrol espezifikoa ezarri zitzaien, eta egiaztatu ahal izan zen haien joan-etorrietarako bi auto erabiltzen zutela, bat Frantziako matrikulakoa eta beste bat Vitoria-Gasteizen bertan alokatua. Ikusi zuten, gauez, susmagarriak etxeetako atarietara sartzen zirela eta presentzia-lekukoak erabiltzen zituztela etxebizitzetan jendea zegoen edo ez jakiteko. Atearen behealdean, markoaren eta atearen artean, aplikatzen zuten kola-hari batez markatzen zituzten etxebizitzak (1. argazkia).
Mota horretako taldeek presentzia-markagailuak erabili ohi dituzte, eta erabilienak “v” formako plastikozko lekukoak dira, markoaren eta atearen artean jartzen dituztenak eta, atea irekitzen denean, erori egiten direnak (2. argazkia). Horiez gain, azken egun hauetan sarrailetan sartzen dituzten paper prentsatuko zerrendak ere aurkitu dira (3. argazkia).
Talde kriminaleko lau kideen atxiloketak abuztuaren 10ean, 04:48ean, gertatu ziren, susmagarriak San Martin auzoko atari baten barruan zeudenean eta atari horretako lau etxebizitzatan lapurtzeko prestaketa-lanak hasi zituztenean.
Polizia-interbentzioaren unean, atxilotuetako batek sarrailak irekitzeko erabiltzen den erreminta sorta osoa (gako sorta) zuen (4. argazkia).
Epaileak baimenduta, Ertzaintza atxilotuek erabiltzen zuten etxebizitzan sartu ahal izan zen eta etxebizitza miatu ahal izan zuen, baita susmagarriek erabiltzen zuten ibilgailuetako bat ere. Miaketa horien ondorioz, atxilotuak lapurretekin zuzenean lotzen zituzten bitxiak eta ebidentziak aurkitu zituzten.
Ertzaintzak 31 eta 39 urte arteko lau atxilotuei 6 lapurreta burutu eta 53 lapurreta saio leporatzen die. Edonola ere, ez da baztertzen kasu gehiago agertzea, udako oporraldiak amaitu, eta kanpoan dagoen jendea etxera itzultzean.
Lapurretak uztailaren 28tik atxiloketaren unera arte gertatu dira, eta horrek agerian uzten du atxilotuek delituak egiteko garaian izan duten intentsitatea. Lau atxilotuek talde ibiltari bat osatzen zuten, hiri batean egun gutxi batzuetan delituak egin eta beste hiri batera joaten zena —segur aski beste Autonomia Erkidego batera—.
Atxilotuak, gaur, astelehena, goizean, epailearen esku geratu dira eta epaileak espetxeratzea agindu du.