Ertzaintzak marihuana-plantazio bat aurkitu du lursail batean eta bi pertsona atxilotu ditu
Joan den asteazkenean Anoetan 120 kalamu-landare konfiskatu zituen Ertzaintzak, landa-inguruan edo landako lursailetan marihuana-plantazioak aurkitzeko zaintza-dispositibo baten baitan.
Horrela, irailaren 4an, eguerdian, Oriako mugarteko hainbat patruila hurbildu ziren Anoeta eta Hernialde artean dagoen landa-eremu batera. Bertan aurkitu zuten plantazio batean bi pertsona ari ziren ureztatze-lanak egiten eta marihuana-kukuluak biltzen.
Ertzainak ikustean, bi gizonezkoak korrika hasi ziren mendian gora baso baterantz, eta bertan harrapatu eta atxilotu zituzten agenteek, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Gizonezkoetako bati agintaritzaren aurkako atentatua ere leporatu zioten, agenteek sastrakadi batean ezkutatuta aurkitu zutenean bati gainera etorri eta eraso egin baitzion.
Atzo, osteguna, sartu ziren agenteak plantazioaren ondoan dagoen baserrian, miatzeko asmoz, Tolosako Epaitegiaren baimenarekin. Miaketan kalamua zuten poltsa izoztu ugari aurkitu zituzten izozkailuen barruan, eta baserriaren arduradunari ere eginbideak ireki zizkioten ikertu gisa.
Hiru inplikatuak Tolosako Epaitegiaren esku utzi dituzte.