Berrehun motozalek parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Los Arcoseko zirkuituan antolatu duten bide-segurtasuneko formakuntza-ekintzan
Ekimenaren baitan motozikletak segurtasun handiagoz gidatzera bideratutako hainbat ariketa egingo dira. Bertan parte hartuko dutenek oinarrizko kontzeptu praktiko batzuk ikasiko dituzte, hala nola, motozikleta kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko modu ezberdinak, hiriko eta hiriarteko trafikoan izan behar duten posizionamendua edo egoeren araberako trazadura. Era berean, azken belaunaldiko segurtasun pasiboko ekipoak erakutsiko zaizkie, besteak beste, airbaga duten eta istripua izanez gero lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten duten motozaleentzako jantziak.
Formakuntza-saio bakoitzean Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera eta Nafarroako Barne Departamentuko zuzendari nagusi Amparo López Antelo izango dira, eta zilindrada ertaineko eta handiko motozikletak gidatzen dituzten 50 motozalek parte hartuko dute. Bi txanda izango dira: batzuek goizez egingo dute saioa, 9:00etatik 13:00etara, eta besteek arratsaldez, 15:00etatik 19:00etara.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abian jarritako Nire gurpiletan jar zaitez estrategia partekatuaren esparruan aurreikusitako jardueretako bat da ekintza hau, eta estrategia horren helburua motor-gidariak motozikleta bat behar bezala ez gidatzeak dakartzan arriskuez jabe daitezen laguntzea da.
Bestalde, ekintza hau antolatu da, batetik, bi administrazioak kezkatuta daudelako gora egiten ari delako errepideetan hildako eta zauritutako motozale-kopurua, eta, bestetik, txirrindulariekin, 65 urtetik gorakoekin, 14 urtetik beherakoekin eta oinezkoekin batera, arrisku-taldeetako bat delako.
Aurtengo lehenengo bederatzi hilabeteetan guztira 10 motozale hil dira Euskadiko errepideetan (6 Gipuzkoan, 2 Bizkaian eta 2 Araban) eta Nafarroakoetan beste 3.
Trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta mintegiak antolatzea da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak 2017ko ekainean izenpetu zuten lankidetza-protokoloan jasotako gaietako bat.