3.601 pertsona aurkeztu dira Euskal Poliziako deialdi bateratuko lehenengo azterketetara

Enplegu publikoaren eskaintzak 496 plaza ditu Euskal Poliziaren oinarrizko eskalako agenteentzat: 424 Ertzaintzarako eta 72 Euskadiko 31 udaletarako • Aurkeztu diren pertsonetatik, 2.490 gizonak dira eta 1.111 emakumeak; % 60k baino gehiagok egiaztatu dute hizkuntza-eskakizunen bat, % 93 jatorriz Euskadikoak dira eta % 69 18-30 adin-tartekoak

 

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia gaur goizean Barakaldoko BECen izan dira, goizeko lehenengo orduan hasi baitira Euskal Poliziako kidegoetako oinarrizko eskalako agenteen 496 plazetako bat eskuratzeko hautaprobak. Kopurua handitu ahal izango da hautaketa-prozesuak irauten duen denboran, datozen hilabeteotan, plaza hutsak sortzen badira deialdia egin duen administrazio publikoetako batean.

Plaza guztietatik 424 Eusko Jaurlaritzak deitu ditu Ertzaintzaren hogeita hamaikagarren promozioko agenteentzat eta beste 72 Euskadiko 31 udaletako udaltzain-plazetarako dira: Abadiño, Zornotza, Amurrio, Arrasate, Bakio, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Erandio, Errenteria, Galdakao, Getxo, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Laudio, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Pasaia, Tolosa, Vitoria-Gasteiz, Zarautz, Zumarraga, Sondika eta Zierbena.

Gaur egindako azterketak psikoteknikoak eta teorikoak izan dira eta baztertzaileak dira, beraz, gainditzen dituztenek bakarrik izango dute hurrengo fasera sartzeko aukera: proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonalak. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, ziurrenik, Aste Santua baino lehen deituko ditu lehen aipatutako probak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak izena emateko prozesua amaitu duten 4.393 pertsona deitu ditu probetara. Horietatik, 3.601 aurkeztu dira (2.490 gizon eta 1.111 emakume), % 93 jatorriz Euskadikoak dira eta % 69 18 urtetik 30era bitartekoak.