ERTZAINTZAK «KRIMINALITATE ZANTZUAK» IKUSI DITU ZALDIBARKO ZABORTEGIAREN KUDEAKETAN

(EITB)

Zaldibarko luizia ikertzean ari den epaitegirako egindako txostenean, Ertzaintzak bi delitu egozten dizkio Verter Recycling enpresari: ingurumenaren kontrakoa eta langileen eskubideen kontrakoa.

rtzaintzak kriminalitate zantzuak atzeman ditu Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan. Vocento taldeko egunkariek Ertzaintzak epaitegirako egindako txostenaren berri dakarte gaur, zabortegia behera etorri izana kudeaketa akatsekin lotzen du txostenak eta azpimarratzen du Zaldibarko zabortegia «zuloa» bezala ezaguna zela garraiolarien artean, zabor mota guztia hartzen zuelako gainbegiratu gabe.

Durangoko Instrukzio Epaitegian irekitako sumarioak jaso duenez, kriminalitate zantzuak ikusi ditu Ertzaintzak zabortegiaren gestioan, eta bi delitu egozten dizkio Verter Recycling enpresari: batetik, ingurumenaren kontrako delitua leporatu dio herritarren osasuna eta ingurune naturala arrisku bizian jartzeagatik, eta bestetik, langileen eskubideak urratu izana egotzi dio.

Txosten horren egileek ondorioztatu dute, lekukoen testigantzak jasota, besteak beste, «era guztietako hondakinak» ari zirela hartzen Zaldibarren «inolako kontrolik gabe», eta «zegokiona baino lur eremu handiagoa» hartu zuela zabortegiak.

Ildo beretik mintzatu ziren Euskadi Irratiko Amarauna saioan eta Berria egunkarian hondakindegi horretara joan-etorriak egin ohi zituzten bi kamioilari anonimo.

Ezbehar horretan bi langile gelditu ziren lur azpian harrapatuta, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran.

Vocento taldeak argitaratu duenez, Joaquin Beltran bera izan zen luizia gertatu baino egun batzuk lehenago zabortegiko pitzadurak ikusi eta enpresari abisua eman ziona. Sumarioaren arabera, Verterrek kanpoko enpresari bati, Lurtek enpresari, eskatu zion pitzadura horiek aztertzeko. Hori istripua gertatu baino hiru egun lehenago izan zen, baina Verterrentzat ez zen «premiazko kontua» izan Lurtek enpresak Ertzaintzari esan dionez.

Kasuaren instrukzioari dagokionez, Fiskaltzak eskatutako froga gehienak ez dira oraindik praktikatu eta luze joko du. Horien artean, adituen txostenak faltako lirateke: zabortegia zergatik amildu zen azalduko dutenak edota zabortegiaren egonkortasunaren gainekoak, besteak beste; prozesu honetako gako nagusiak izan ditzaketenak, alegia.

Urkulluk Arriola sailburua kargutik kendu behar duela uste du Iturgaizek

Urkullu lehendakariak Iñaki Arriola Ingurumen sailburua “kargutik kendu” behar duela uste du Carlos Iturgaiz PP+Cs koalizioko lehendakarigaiak. Lehendakariak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean azalpenak “berehala” eman beharko lituzkeela gaineratu du Iturgaizek.

Ohar batean azalpenak eskatu ditu berriro PP+Cs koalizioko hautagaiak. Iturgaizen ahotan, “Arriola sailburuak gobernuan eserita minutu bat gehiago ezin du eman, eta gainera, lehendakariak Zaldibarko zabortegian benetan gertatutakoaren inguruan azalpenak azkar eman beharko lituzke, euskal gizarteari kontatu ez diolako”.

Protestak lau hilabete betetzean

Atzo lau hilabete bete ziren luizia gertatu zenetik eta ehunka pertsonak protesta egin zuten Zaldibarren, Eibarren, Elgetan, Zallan eta Markinan gertatutakoa «argitzea» eta «erantzukizunak garbitzea» aldarrikatzeko.

‘Alberto, Joaquín Osasuna Erantzukizunak’ lelopean egin zuten protesta, sirena hotsen artean eta maskarekin jantzita, segurtasuneko distantzia gorde zuren manifestariek.

Otsailaren 6an zabortegian luizia gertatu zenetik «aurrerapausorik» ez dela eman salatu zuen Gaizka Zabarte Zaldibar Argitu plataformako bozeramaileak. «Lanean ari direnik ez dugu ukatzen, lanean ari direla badakigulako, baina Joaquinen eta Albertoren gorpuak aurkitzen ez dituzten bitartean, ezin dezakegu esan aurrerapausorik eman denik», gaineratu zuten

Bestalde, Zaldibarko Udalaren eta gainerako erakundeen «laguntza» falta kritikatu zuen Zabartek; izan ere, «Eitzaga auzoko bizilagunek Arartekora jo behar izan dute babes bila».