ERTZAINTZAK ETXEBIZITZETAN EGINDAKO 3.070 LAPURRETA ERREGISTRATU DITU ETA DELITU HORIETAN INPLIKATUTAKO 440 PERTSONA IDENTIFIKATU DITU URTARRILA ETA AZAROA BITARTEAN

Ertzaintzak Euskadiko etxebizitzetan egindako 3.070 lapurreta erregistratu ditu eta 440 pertsona atxilotu eta ikertu ditu delitu horiengatik 2019ko urtarriletik azarora bitartean. Kasurik gehienetan talde antolatuek egindako lapurretak dira, eta kasu gutxi batzuk noizean behingo delitugileek edo biktimekin zerikusia duten pertsonek eginak. Gabon jaiak egun aproposak izaten dira era horretako delituetarako. Hori dela eta, Ertzaintzak herritarrei eskatzen die segurtasuna areagotzeko eta, susmoren bat izanez gero, 112ra deitzeko, etxebizitzetako lapurretei aurrea hartu ahal izateko. Horrez gainera, gogoratzen du Ertzaintzaren mugikorrerako aplikazioak aukera ematen duela herritarrek, posta elektroniko, sms edo whatsapp bidez, delituen susmoei buruzko informazioa bidaltzeko, baita argazkia edo bideoa ere.
Prentsa bulegoa

Talde espezializatuek hainbat eratara jarduten dute. Araban, esate baterako, Ertzaintzak txaletetan eta bizitza bakarreko etxeetan jarduten duten delitugile-taldeak hauteman ditu. Delitugileak lehenengo solairutik sartzen dira etxeetan, horietan instalatuta dauden alarmak beheko solairuan (ate eta leihoetan) egoten baitira aktibatuta, baina ez goiko solairuetan. Orokorrean, lapurrak gizonezko gazteak izaten dira, segur aski kaukasiar jatorrikoak edo Europa ekialdekoak, eta eskalatzeko eta lehenengo solairu horietara igotzeko egoera fisiko ona dutenak. Kasu batzuetan lapurrak etxera sartu izan dira etxekoak beheko solairuan zeudela ere, gertatzen ari zenaz konturatu ere egin gabe. Kasu hauetan, normalean, dirua, bitxiak eta aparatu elektroniko txikiak lapurtzen dituzte.

Beste banda batzuek plastikozko erlaitz txikiak edo itsasgarri-hariak erabiltzen dituzte etxebizitzako atearen eta markoaren artean jartzeko, eta handik egun batzuetara egiaztatzen dituzte pertsona-mugimendurik izan den jakiteko. Plastikozko markatzaileek edo itsasgarri-hariek bere lekuan jarraitzen duten egiaztatu ondoren, hutsik dauden etxeetara sartzen dira sarraila manipulatuz, eta lapurreta egiten dute.

Ertzaintzak jakin du talde batzuk komunitateko eskaileretan egoten direla zelatan, norbait bere etxetik noiz irtengo zain.

Prebentzio-aholkuak

Komunitatean edo komunitatetik kanpora pertsona susmagarriren bat ikusiz gero, berehala deitu Ertzaintzara SOS Deiak zerbitzuaren 112 telefono-zenbakiaren bidez. Ez aurre egin, eta, ahal izanez gero, irudiak hartu, gero errazago identifikatu ahal izateko.

Plastikozko markatzaileak edo bestelako arrastoak hautematen badira, ez ukitu eta Ertzaintzari jakinarazi.

Etxeko atea giltzaz itxi dela ziurtatubaita barruan gaudenean ere.

Norberaren etxeko eta komunitateko segurtasun-sistemak mantendu eta zaindu, eta portaleko atea beti itxita izan.

Komeni da segurtasun-sistemak instalatzea, hala nola, bumping edo taladro kontrako sarrailak, ateak haustea eragozteko segurtasun-ezkutuak, irudiak hartzen dituzten behatxuloak eta, ahal den neurrian, bideo-grabazio sistema duten interfonoak.

Gure atearen markoa, eta bizilagunena, sarri aztertutalde antolatuek erabili ohi dituzten plastikozko markatzaileak edo itsasgarri-hariak jarri dituzten jakiteko.

Beti erantzun interfonotik, etxean bazaude. Lapurreta egin aurreko urratsa izan daiteke; izan ere, lapur askok egiaztatzen dute etxean norbait dagoen atezain automatikoetara deituta, bere laguntzaileek, atean jarrita, etxean mugimendurik nabaritzen duten zaintzen duten bitartean.

Atea beti giltzaz itxi, etxetik kanpora minutu gutxi batzuetan egon behar baduzu ere. Atea kolpez itxita bakarrik badago, mekanismoari kalterik egin gabe zabal baitezakete sarraila.

Ahalegindu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen.

Higiezinari atxikita aldamioak badaude, ondo itxi leihoak eta pertsianak. Enpresa instalatzaileari segurtasun-sistemak jartzeko eska diezaiokezu.

Bestalde, txaletetan eta solairu bakarreko etxebizitzatan bizi direnek beste era bateko neurriak ere har ditzakete, era horretako lapurretei aurrea hartzeko, besteak beste, honako hauek:

Pertsianak jarri leiho eta balkoi guztietan, eta barrutik sarrailaz itxi.

Burdin-hesiak jarri kanpotik erraz iristeko moduko leihoetan. Barra batetik bestera ez utzi 12 cm-tik gorako tarterik.

Ez ahaztu balkoiak, teilatu-hegalak, hormetako irtenguneak, hodiak, eta abar, nahiko erraz eskalatu ditzaketela delitugileek. Arreta berezia jarri halako puntuetatik hurbil dauden leiho eta terrazetan.

Era guztietako egoeretan, baita iluntasun osoan ere, irudiak hartuko dituzten autobabeseko gailu elektronikoak edo neurriak instalatu etxean.

Erne ibili teilatuko atearekin eta garajekoarekin, etxea zuzenean aparkalekuarekin komunikatzen bada.

Lapurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara.

Etxe barruan lapurrekin topo egiten baduzu, ez aurre egin eta berehala deitu Ertzaintzara 112 telefono-zenbakiaren bidez (ahal den neurrian, susmagarriei argazkiak atera).

Herritarren laguntza eskatzen da:

Ertzaintzak herritarren laguntza eta 112ra deitzeko eskatzen du eraikin komunitarioetako etxebizitzetako nahiz bizitza bakarreko etxeetako mugimenduak kontrolatzen ari daitezkeen pertsonak edo ibilgailuak ikusiz gero. Garrantzizkoa izango litzateke, ahal den neurrian, herritarrek poliziari pertsona horien ezaugarri fisikoen berri ematea eta, ibilgailuren batean badabiltza, ibilgailuaren matrikula, marka eta modeloa gogoan hartzea eta lehenbailehen jakinaraztea 112ra deituta.

Herritarrek Ertzaintzaren APPa ere erabil dezakete informazioa bidaltzeko, telefono-dei, SMS, posta elektroniko edo whatsapp bidez polizia-erakundearekin harremanetan jartzeko aukera ematen baitu.

Garrantzitsua da herritarrek susmoren bat izanez gero beti deitzea, hobe baita gezurrezko alarma bat egiaztatzea txalet batean lapurreta egin dutela ziurtatu behar izatea baino.

Ertzaintzaren www.ertzaintza.net webgunean daude oporraldietarako aholku orokorrak, eta horien artean hutsik uzten ditugun etxebizitzetan lapurreta egitea saihesteko neurriak.

Scroll al inicio