Ertzaintzak 5.000 marihuana-landare inguru aurkitu ditu Barakaldoko pabiloi batean

Ertzaintzako agenteek Barakaldoko industria-pabiloi batean aurkitutako marihuana-plantazio bat desegin zuten atzo, astelehena, goizean. Guztira ia bost mila landare zeuden hazkunde-fase ezberdinetan, landareak hazteko behar den ekipamendu tekniko eta guzti. Horrez gainera, ehun eta hogeita hamar gramo kukulu, bi baskula, horietako bat industriala eta bestea doitasunekoa, eta dirutan sei mila euro inguru ere aurkitu zituzten. Ertzaintzak polizia-eginbideak hasi ditu 34 urtetik 51 urtera bitarteko lau gizonezkoen aurka, eta ikerketapean utzi ditu droga-trafikoaren delitua leporatuta. Horietako bik aurrekariak dituzte antzeko egintzengatik.

Marihuanarekin zerikusia duten produktuen salmentan aritzen den eta Barakaldoko industrialde batean dagoen establezimendu batean egindako ikerketaren emaitza da egin den aurkikuntza.Polizia-ikerketaren bidez susmatu zuten lokalean, dagokion merkataritza-jarduera egiteaz gainera, marihuana-landareak ere hazten zituztela eskala handian. Kontua da, gainera, enpresako bi bazkideak 2017an ere inputatu zituztela droga-trafikoaren delitua leporatuta.

Horrela, atzo goizeko lehenengo orduan jarri zen abian lokalaren inguruan polizia-operatiboa. Goizeko zortziak aldera bi gizonezko agertu ziren bertara, horietako bat negozioaren arduraduna eta bestea langile bat, gero egiaztatu zutenez. Une horretatik aurrera, eta biak aurrean zirela, agenteek higiezina miatu zuten. Lokalaren sarreran jendeari arreta emateko mostradore bat, marihuanarekin zerikusia zuten produktuen hainbat erakustoki eta bulego bat zeuden. Gortina batetik biltegi batera pasatzen zen, eta bertan bi hozkailu zeuden marihuana-haziekin, bai eta horman poliuretano-aparrarekin sartutako armairu bat ere, marihuana-usain handia zuena. Gero egiaztatu ahal izan zutenez, armairuaren alboko paneletako bat berez ezkutuko ate bat zen, iman-sistemaz zabaltzen zena eta goiko gela batera eramaten zuena, eta agenteek bertan marihuana-plantazio bat aurkitu zuten, landareak hazteko ekipamendu tekniko eta guzti. Guztira bost mila landare inguru aurkitu zituzten, gehienak txikiak eta ertainak. Horrez gainera, ehun eta hogeita hamar bat gramo kukulu ere aurkitu zituzten poltsa hermetiko batean eta kristalezko ontzi batean.Beste txoko batzuetan pisatzeko bi baskula, bat industriala eta bestea doitasunekoa, dirutan sei mila euro eta lau talkie aurkitu zituzten, dirudienez landareak hazteko eremuaren, bulegoaren eta saltokiaren arteko komunikazioetarako erabiltzen zituztenak.

Horren guztiaren aurrean, biei droga-trafikoa leporatu zieten. Ertzaintzak bertan lan egiten zuen beste gizonezko baten eta establezimenduaren bigarren arduradunaren aurka ere hasi ditu eginbideak.

Polizia-operatiboaren irudien bideoa erantsi da.

Scroll al inicio