Atzo, asteartea, arratsaldean, Erandioko Ertzain-etxeko agenteek marihuana-plantazio bat aurkitu zuten Bizkaiko Sondika herriko baserri baten barruan. Bertara hurbildu ziren agenteek baserriko hainbat gela miatu zituzten, eta guztira 150 marihuana-landare aurkitu zituzten, hazkunde-fase ezberdinetan. Instalazioek landareak hazteko beharrezko diren ohiko elementu teknikoak zituzten, hau da, lanparak, balastoak, haizagailuak, aire-filtroak, erauzgailuak, eta abar, eta hori guztia mantentzeko kontsumo handiko instalazio elektrikoa.
Ertzainek hainbat pertsona identifikatu zituzten baserri inguruan, eta horietako bat, errentaria, ikertuta geratu da osasun publikoaren aurkako delitu bat eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta; izan ere, instalazioek energia-kontsumo handia zuten eta sare elektrikora legez kanpoko ”konexioa” zuten.
Beharrezko izapideak egiteko ertzain-etxera eraman zuten 25 urteko gizonezkoa, eta ikerketapean aske utzi dute eta osasun publikoaren aurkako delitu batengatik epailearen aurrera agertu zain dago. Osasun Sailean substantzia aztertzeko laginak hartu ondoren, atzemandako landareak suntsitu egingo dituzte.
Adierazitako egintza horiei dagokienez, Erandioko Ertzain-etxeak ikertzen jarraitzen du.
Ertzaintzak 150 marihuana-landareko plantazio bat aurkitu du Sondikako baserri batean
Ertzaintzako agenteek marihuana-plantazio bat aurkitu eta desegin zuten atzo, asteartea, Sondikako baserri batean. Baserrian zeuden hainbat pertsona identifikatu zituzten eta, azkenean, 25 urteko errentaria inputatu zuten, marihuana hazteagatik osasun publikoaren aurkako delitu bat eta argindarrarekin iruzur egitea leporatuta. Baserria miatu zutenean 150 marihuana landare eta landareak hazteko, mantentzeko eta manipulatzeko beharrezko azpiegitura guztia aurkitu zituzten.