Barakaldon atxilotu dute droga-trafikoagatik polizia-ikerketa baten ondoren

(Prentsa Zerbitzua)

Ertzaintzak 46 urteko gizon bat atxilotu du Barakaldon, ustez drogarekin trafikatzea leporatuta. Ikerketari esker atxilotu ahal izan dute pertsona hori, eta substantzia sorgorgarriak banatzea leporatu diote. Operazioan 12.000 eurotik gorako balioa duen droga atzeman dute.

 

Ertzaintzak abenduaren hasieran jarri zuen abian ikerketa, Barakaldoko Gurutzeta auzoan pertsona batek substantzia sorgorgarriak saltzen zituela susmatzen baitzuen. Horren aurrean, ikerketako agenteek polizia-operatibo bat diseinatu zuten pertsona horren legez kontrako jarduera egiaztatzeko.

 

Dispositibo horren barruan, agente jarduleek astearte honetan harrapatu zuten ikertzen ari ziren pertsona droga “pase” bat egiten. Identifikatu zutenean, gorputz-miaketa egin zioten, eta banatzeko prest zituen substantzia sorgorgarriak aurkitu zizkioten, bai eta dirua ere, eta gizona droga-trafikoa leporatuta atxilotu zuten, beraz. 

 

Ikerketaren baitan eta atxilotuarekin gero egindako eginbideetan, Ertzaintzak bi polizia-miaketa egin zituen, bat atxilotuaren ibilgailuan eta bestea etxean, eta dirua, substantzia sorgorgarriak eta substantzia horiek prestatzeko eta banatzeko materiala aurkitu zituzten. Etxean, besteak beste, kokaina eta anfetamina aurkitu zituzten, merkatuan 12.000 euro inguruko balioa izango zutenak, bai eta bi doitasun-balantza eta hutsean ontziratzeko makina bat ere.

 

Autoaren miaketan ezkutaleku bat aurkitu zuten kopilotuaren airbaga egon beharko litzatekeen tokian, eta irekitzeko sistemaz hornituta zegoen. Era horretako zuloak, “kaletak” deitzen direnak, substantziak ezkutuan garraiatzeko erabiltzen dira. Miaketan ez zuten substantzia sorgorgarririk aurkitu zulo barruan.

 

Egitateekin erlazionatutako polizia-aurrekariak dituen atxilotua atzo jarri zuten agintaritza judizialaren eskuetan Barakaldoko Guardiako Epaitegian.